XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zer sentitzen zuen jakin nahi zuen.

Baina, ezinezkoa zitzaion.

Nahaste handiegia.

Sukaldeko partean denbora asko zeraman zaharkitutako erloju borobilaren markoan galdu zuen begirada.

Berak ere ez zekien zer pentsatzen ari zen.

Anpulua, eztabaidak, amorrua, gorrotoa, etsipena... bizitzan izan zituen adierazle guztiek zirkulu beltza osatu zuten bere buruan.

Erlojuarenaren pareko.

Irtenbiderik gabeko zirkulua.

Erantzunik gabeko itaunak egiten zituen berekasa, zergatien bila.

Luze baino lehen ohartu zen ordea, antiojo ttipiak sudur luzexkaren puntan ia erori beharrean izango zituen toga belztun gizonak, zergatiei ez ziela gehiegi erreparatuko.

Hagitz iluna izanagatik, argi zekusan bere etorkizuna.

Bazekien handik aurrera, itukindun sabai umelen baten altzoan babestu beharko zela.

Bazekien, denboraren poderioz, zuhaitzen hostoak udazkenean ximeltzen diren bezala, bera ere egunez egun hutsalago izanen zela.

Urratsez urrats ezdeus izatera irits zitekeelarik.

Baina, hari guztiari aurre egin nahi zion.

Txikitan Ixabelita Katekistari entzundakoak zetozkion gogora, damutu Jainkoaren aurrean, eta hobeto sentituko zarete.

Aholkuari aukera bat eman nahi izan zion eta putzu sakon hartan murgildu zen.

Laster konturatu zen, ordea, igeri egiterik ez zuela.

Beraz, damutu izanagatik ezin zion hari guztiari aurre egin.

Ezin zion gela iluneko gortina zaharkituari tira egin zirrikitu batetik argia sar zedin.

Ezin zuen gaua egun bihurtu.

Ordutik aurrera bilakatuko zen pentsamenduen morroi.

Hasieran, iraganari egiten zion so.

Ez zuen ezer berezirik topatzen.

Hori uste zuen berak behinik behin.

Edonorenaren modukoa zen bere bizia atzera begiratuz.

Negu hotz bateko eta egutegian galduriko zenbaki arrunt bateko gau ilunaren alaba zen.

Baserri bakarti hura izan zen bere jaiotzaren lekuko.

Han eman zituen lehen pausoak.